Aldarrikapenen azalpen juridikoa

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta lortzea

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eskuratzeko gutxieneko adina 23 urtekoa da. Adin hori txikiagoa izan daiteke zurztasun kasuetan. 21 eta 23 urte bitartean gazte horiek ez daukate diru-sarrerarik lortzeko aukerarik, eta ordura arte modu egokian garatutako ibilbideak zapuztuta geratzen dira.

Egoitza-baimenak

Hasierako aldi baterako egoitza lortzeko baimenari dagokionez ere, baimen hori ukatu egin zaie batzuei, tutoretzapeko zentroan gutxieneko bederatzi hilabeteko epean ez egoteagatik eta Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena emateko eskatzen den gomendioa ez egiaztatzeagatik.

Bestalde, Aldi baterako egoitza-baimena ere ukatu izan da Ezohiko Zirkunstantziengatik, gazte batek adin nagusitasuna bete eta egoitza- baimenik ez badauka. Bi arrazoi daude, funtsean: Ukatu egiten da eskaera 18 urte betetzeko dataren aurreko edo osteko 90 egunetan edo 60 egun naturaletan ez aurkezteagatik eta hilero 2016ko IPREM adierazlearen (Indicador Público de Renta de Efectos Múltiples) %100era heltzen diren baliabide ekonomiko nahikorik ez izateagatik. Kopuru hori 532,51ekoa zen 2015ean. Arrazoi horregatik ukatu dira egoitza-baimenak berriztatzeko eskaerak ere. Era berean, ez da baliozkotzat jotzen Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarteratze Zerbitzuak eman ez duen txostenik. Horren ondorioz, erakundeek zenbatekoaren inguruan emandako edozein txosten baliorik gabe geratzen da eta beste traba bat gehiago jartzen zaio berriztatzea egiteko.

Prestakuntza

Euskadiko Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Lanbide Heziketa arautzen duen Agindu berriarekin, Madrilgo Hezkuntza Ministerioak hala eskatuta (Madrilgo Dekretuak 18 urtera arte egin zuen zabalkundea ezetsiz), ikasturte hasierako urtean 18 urte betetzen dituzten 17 urteko gazteek ezin dute programa horietan matrikulatu. Ez dago beste programarik gaitasun tekniko, esku-hartze eta laguntza arloan pertsona horien beharrizanei erantzuteko.

Bestalde, Oinarrizko Lanbide Heziketako programetan matrikula egiteko epeak ikasturtea hasten den urteko maiatzetik irailera bitartekoak dira, eta ez dira kontuan hartzen heldu berri diren pertsonen egoerak. Prestakuntza baliabideak eskuratzeko zailtasun horiek direla eta, gazteak Enplegurako Prestakuntza sistemaren baliabideren bat eskuratzen saiatzen dira, baina sarritan baliabide horiek ez diete erantzuten euren benetako beharrizanei (ez helburu aldetik, ez sarbide-baldintzen aldetik, ezta titulazio, eduki edo iraupen aldetik ere). Gainera, hizkuntza ez dute ia ezagutzen eta ez daukate lagunduko dien pertsona heldurik inguruan.

Osasun arreta unibertsala

Gazte horien osasun arreta unibertsal eta doakoa aitortzeko, EAEn urtebetez erroldatuta egotea eskatzen da, eta ez da kontuan hartzen benetan noiz heldu diren gazte horiek EAEra. Erroldari soilik begiratzen zaio. Larrialdi kasuetan soilik ematen da arreta eta ohikoa da zerbitzu horrengatik kobratzea, eskubide hori aitortuta ez badute. Erakundeek are zailtasun handiagoak dituzte zentroetatik osasun arazoekin irteten diren adin nagusiko gazteekin.

AEIS

Beste egoera bat aipatu behar da: 21 eta 23 urte bitarteko gazteen babesgabetasun egoera; izan ere, Foru Dekretu bidez jasota dago gizarteratzeko laguntza berezia jasotzeko gehieneko epea 30 hilabetekoa dela. Aldi horietan ez daukate inolako laguntzarik (erroldatuta dauden udalerriko larrialdiko laguntzak soilik lortu ditzakete, betiere, udalerri bakoitzaren aurrekontu eta baldintzen arabera). Era berean, egoitza-baimenak lortzeko zailtasunak jartzen dira, bizi-baliabide nahikorik egiaztatu ezin izateagatik.

AEIS delakoa eskatzeko zailtasunak daude, zentroko erroldaren eta errolda berriaren artean hilabete batzuetako etena baldin badago. Arauaren arabera, 30 hilabeteko errolda egiaztatu behar da. Mundutik Mundura programaren onuradunak izan badira edo eskaeraren aurreko 6 hilabeteetan haurtzaro arloan egon badira, BFAk babestuta, 6 hilabeteko errolda egiaztatzearekin nahikoa da. Etenik egon ez den kasuetan, 30 hilabete egiaztatu behar dituzte, emateko hasierako zirkunstantziak kontuan izan gabe.

Gai horiek etxebizitza duina lortzeko aukerari ere eragiten diete; izan ere, etxebizitza bakoitzeko AEI jasotzen duten bi pertsona soilik egon daitezke. Gainera, desproportzionatua iruditzen zaigu Mundutik Mundura programatik kaleratua izateagatik jartzen den zigorra: urtebete AEI jaso gabe. Azkenik, komeni da aipatzea 2016ko maiatzetik, prozesua amaitzeagatik egoitza- baliabidetik irteten direnean, 15 egunetan helbide aldaketaren berri eman beharra dagoela gizarte zerbitzuetan, eta laguntza berriro eskatu. Aldiz, eskaera berria entregatu arte etenda geratzen dira, denbora hori foru aginduan jasota egon arren.